GERRAREN ETA FAXISMOAREN AURKA GAZTE LAGILEOK LEHEN LERRORA
Euskal Herriko milaka gazte mobilizatu gara Bilbon eta Iruñean gerrari eta faxismoari aurre egingo diegula adierazteko
Gaur milaka gazte mobilizatu gara Bilbon eta Iruñean Euskal Herrian gerrari eta faxismoari aurre egingo diogula adierazteko. Manifestazio honek balio izan digu Euskal Herriko gazte askorekin faxismoaren eta oligarkiaren agenda erreakzioaren aurkako lana egiteko. Era berean, manifestazio hau ez litzateke posible izango ehundaka militantek hilabete hauetan egindako lanik gabe. Norabide honetan antolatze eta borrokan jarraitzeko borondatea berretsi nahi dugu.
Mendebaldeko agintariak inolako oposiziorik gabe beraien agenda belizista ezartzen ari dira, langileon aurkako austeritate politikak aho batez aplikatzen eta, bien bitartean, faxismoa indarra hartzen ari da eremu guztietan. Gazteriaren artean, ordea, dena ez dela erreakzioa eta despolitizazioa erakutsi dugu. Kaleak hartu ditugu gerra inperialisten aurka, agenda belizistari gure ezezkoa emateko eta faxistek aurrean izango gaituztela argi izan dezaten.
Berandu baino lehen langile klasearen baitan gerraren eta faxismoaren aurkako ideiak zabaldu behar ditugu. Horretarako, langile klasearen batasuna eraikitzen joan behar gara, langile klaseko mugimendu eta kolektiboen arteko lankidetza inoiz baino gehiago indartuz. Agenda erreakzionarioaren aurrean, eskubide politikoen aldeko langileon autodefentsa eraiki behar dugu. Bestetik, kapitalisten gerra kulturalari ere aurre egin behar diogu. Bide horretan, faxismoari aurre egiteko langile klaseko mugimendu eta kolektiboei lankidetzarako eskua luzatzen diegu.
Bide batez, manifestazioetarako lan politikoa egiten zebiltzala hamarnaka militante identifikatu eta isundu izana salatu nahi dugu. Eskubide politikoen defentsan lanean jarraituko dugu.
Horrekin batera, gerraren arriskuari eta faxismoaren gorakadari benetan aurre egiteko beharrezkoa da langileriaren nazioarteko alderdi iraultzailea berrisatzea. Norabide horretan dei egiten dugu EHtik kanpora ere borrokatzera eta antolatzera. Aurrerantzean ere, oligarkiaren agendaren aurka eta langileon batasuna bultzatuz, sozialismoaren aukera errealitate bihurtzeko antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Gazte langileok borroka horren lehen lerroan egongo gara.
Gerraren eta faxismoaren aurka gazte langileok lehen lerrora!