Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka gazte langileok borrokara!
Gaur faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka 10.000 pertsonatik gora mobilizatu gara Bilbon eta Iruñean.
2026(e)ko urtarrilaren 31(a)

Gaur milaka gazte faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka kalera atera gara Bilbon eta Iruñean. Entzun dezatela faxistek gure mezua: Euskal Herrian milaka gazte gaude zuei aurre egiteko prest. Kaleak ez dira zuenak izango. Ez dugu onartuko diktadura frankistaren gorazarrerik, Euskal Herriaren eta euskararen aurkako ideia supremazistarik, etorkinen aurkako arrazakeriarik edota emakumea gizonen zerbitzura egon behar duela dioskun diskurtso matxistarik. Euskal Herriko milaka gaztek faxismoaren aurkako hautu irmoa egin dugu eta gauden toki guztietatik aurre egingo dizuegu. Ez dizuegu utziko zuen gorroto ideologia hedatzen. Era berean, ezin ditugu ahaztu faxismoari eta estatuei aurre egitearen ondorioz gatibu dauden preso guztiak, beraientzako amnistia aldarrikatzen dugu. Presoak kalera, amnistia osoa!
Pozgarria da horrenbeste gazte mobilizatu garela ikustea eta momentu hau probestu nahiko genuke GKStik urgentziazkoak iruditzen zaizkigun zenbait ideia nabarmentzeko.
Lehenik eta behin, nazioartera begiratu behar dugu. Kapitalismoa krisian dago eta inperialismoa inoiz baino indartsuago. Gerrak hotsak, errekurtso naturalen arpilatzea, esku hartze inperialistak… Estatu Batuetan Trumpen eskutik beste gobernu faxista bat ezarri da eta Europa, berriz, gainbehera inperialista betean dago. Bitartean, langileon bizi eta lan baldintzak urtez urte okerrera egiten ari dira.
Testuinguru horretan, oligarkiak ofentsiba politikoa areagotu du. Alde batetik, eliteak eta agintariak faxismo berri bat artikulatu nahian dabiltzalako, eta, bestetik, estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen ari direlako. Oligarkia atlantista estatu polizial eta militarizatuen aldeko apustua egiten ari da. Hori guztia argi ikusten ari gara Ameriketako Estatu Batuetan: kanpo politikan agenda inperialista basatia darabilte, besteak beste, Israeli babes osoa emanez palestinar herriaren aurkako genozidioa muturreraino eramateko. Barne politikan etorkinen aurkako ehiza eta estatu poliziala, azken egunotan ICEk egindako atxiloketekin eta erailketekin ikusi dugun bezala. Bide batez, doakiela gure babes osoa Trumpen politika faxistaren aurka borrokan ari diren guztiei!
Inperialismoa, langileon pobretzea, faxismo berria eta estatu autoritarioa: hori da oligarkiaren proiektua, eta hori da Europan ezartzen ari direna. Egoera honetan alderdi sozialdemokratek bere burua alternatiba bezala aurkeztu nahi dute. Baina ez gaitezen nahastu. Azken urte hauetako ezker erreformistaren porrota erabatekoa izan da, eta, horrek, testuinguru politiko eta kulturala eskuinera mugitzen lagundu du. Gainera, estatuen erreforma autoritarioak gobernu ezkertiarrren eskutik ere etorri dira.
PSOEren gobernua ere ez da atzean gelditu: nola liteke ezkertiarra deitzen den gobernu batek inoizko gastu militar handiena onartzea edota Mozal Legea bezalako neurri errepresiboak ez ezabatzea?
Alderdi erreformistek eta beraien fronte antifaxista elektoralek ez dute ezer egin faxismoa eta estatuaren autoritarismoa gelditzeko. Horren aurrean, langileraren nazioarteko alderdi iraultzailea osatu behar dugu, eta, bide horretan, lehentasunezko hainbat zeregin ditugu. Batetik, antolakunde komunista handiak eraiki behar ditugu. Berebizikoa da militanzia-sare handi batean, konpromisoan eta argitasun ideologikoan oinarritzen diren masazko antolakundeak nazioartean hedatzea faxistei eta estatuaren neurri autoritarioei aurre egiteko. Antolakunde komunista horiek beharrezkoak dira indar harremana langileraren alde jartzeko. Norabide horretan, bestetik, estatuaren erreforma autoritario eta militaristei aurre egiteko langileon fronte zabal bat osatu behar dugu, bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere, langile-kolektiboetatik eta herri mugimendutik eraikitakoa. Frantziar Estatuan adibidez, soldaduska berrezarri nahian dabiltza eta denbora kontua baino ez da gainontzeko estatuetan ere antzeko neurriak ezartzea. Ezin dugu hori onartu. Berandu baino lehen langileon euste-horma bat osatu behar dugu.
Beste ideia bat ere azpimarratu nahiko genuke gaurkoan, Euskal Herrira bideratuta. Joera erreakzionarioak eta faxistak iristen ari dira Euskal Herrira. Hala ikusten dugu kaleetan eta sare sozialetan. EAJ ez dago joera horretatik kanpo: faxismoaren gorakadaren aurrean beraien bulegoetan ezertxo ere egin gabe egon diren bitartean, uda hasieratik hona kanpaina bat jarri dute martxan antifaxismoa eta instituzioetatik kanpoko eragileak nahiz borrokak kriminalizatzeko. Botere guztia euren kontrolpean dute, poliziak, komunikabideak eta epaileak, baina hala ere bere burua biktima gisa aurkeztu nahi dute. Zer eta beraien buruari egindako margoketa batzuen biktima? Bitartean, poliziak inpunitate osoa du nahi duena egiteko eta Gasteizko kasuan, adibidez, ez dute falangista bakar bat ere atxilotu. Noiz emango dituzte horren inguruko azalpenak? Hori gutxi ez eta alderdi potiko bat bera ere ez da kapaz izan EAJren manipulazioari eta kriminalizazioari erantzuteko.
Guk argi daukagu: antolakuntzak eta militanzia politikoak faxismoari ateak ixteko balio duela frogatu da azken hilabeteotan, Euskal Herriko milaka gazte ari garelako faxismoaren eta estatuaren autoritarismoaren aurkako kontzientzia hartzen. Horrek duen garrantziaz jakitun izan behar dugu. Izan ere, estatu autoritarioa ezarri nahi diguten garaioitan, orokortua dagoen desatxikimendu politikoa kapitalismoaren aurkako indar bihurtu eta estatu sozialistaren aldeko borroka indartu behar dugu langile klasearen artean, eta horretan gazteok funtsezko papera bete behar dugu. Agenda imperialistaren aurka, estatu polizial eta militaristaren aurka, eta faxismo berriaren aurka, gazte langileon mugimendu sendo bat egotea baita antidotorik onena.
Oligarkiaren estatu autoritarioari langileon estatu sozialista kontrajarri behar diogu. Estatu sozialista da inperialismoa borrokatzeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte eraikitzeko langileon estatu eredua. Nazioarteko iraultzaren eta Euskal Estatu Sozialistaren norabidean, jarrai dezagun bide horretan borrokan.
Gora langileon borroka! Gora iraultza sozialista!