Inposiziorik ez!
Gazte langileok espainolismoari aurre egin!
2026(e)ko uztailaren 18(a)

Igande honetan izango da Futboleko Munduko Kopako finala AEBetan. Espainiako Selekzioa finalera sailkatu da eta Euskal Herrian alderdi eta hedabide espainolistek kanpaina erraldoia abiatu dute. Horren harira zenbait adierazpen egin nahiko genituzke.
Futboleko mundu kopa ez da ikuskizun soila, ideia politikoak eta identitateak sortzeko bitartekoa ere bada. Horrela egingo du Trumpek edota Mileik, eta espainiar estatuan espainolismoa zabaltzeko probesten ari dira. Izan ere, Espainiar estatuan, autodeterminazio eskubidea ukatua duten herriei espainiar nazionalismoa inposatzen digute. Euskal Herria bezalako nazio zapalduentzat, espainolismoak ez du nazio-identitate neutral bat adierazten, zenbait defendatzen dutena modura. Kontrara, espainiar nazionalismoaren ardatzak nazio zapalduen bazterketa eta klase dominazioa dira. Horrela, Euskal Herrian espainiar nazionalismoak zera adierazten du: Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidearen ukapena, euskararen bazterketa eta hizkuntza-eskubideen murrizketa edota estatu burgesaren errepresio-aparatuaren zilegiztatzea, preso politikoaren aurka. Hori gutxi balitz, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ukatzen dute espainiar eta frantziar estatuek. Gauzak horrela, Espainiar Selekzioa inposaketa baten adierazle da Euskal Herrian eta horrela bizi du gehiengo batek.
Horren haritik, Euskal Herriko hiri eta herri ugaritan finala ikusteko jarriko dituzten pantaila erraldoiek espainiar txobinismoa idartzen dute. Horregatik, erabaki horrekiko dugun aurkakotasuna adierazi nahi dugu. Pantaila horien erruz Euskal Herriko kaleak aldarrikapen espainolisteiz beteko dira eta horrek nazio zapalduen aurkako testuingurua indartzen du. Are gehiago, aldarrikapen eta probokatzaile faxistak inpunitatez kalera ateratzeko testuingurua sortzen dute. 2024ko Eurocopan, adibidez, Cake Minuesak aldarrikapen eta ikur faxistak harrokeria osoz zabaldu zituen.
Era berean, euskal selekzioaren ofizialtasunaren eta autodeterminazio eskubidearen alde antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Beharrezkoa da aldarrikapen hauek kalera eramatea, are gehiago horrelako momentuetan. Era berean, Euskal Herriko egoera politikoa aldatu egin da azken hamarkadetan. Horrek, frantziar eta espainiar estatuekiko haustura borondatea eta polarizazioa apaltzea ekarri du, eta politikagintza instituzionalean bideorri autonomista gailendu da, PSOE alderdi espainolistekin aliantzak lehen lerroan jarriz. Baina autonomismoak espainiar estatuarekiko lotura handitzen du, eta Euskal Herriko langile klasearen autodeterminazio eskubide errealaren aukerak murriztu.
Horregatik, gure ustez autodeterminazioaren eta sozialismoaren aldeko borroka indartu behar dugu. Euskal Herriko askapen nazional eta soziala sozialismoaren eskutik soilik etorriko da. Autonomismoaren iruzurretik aldenduz, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzari aukerak irekiko dizkion bideorria indartu behar dugu.
Inposiziorik ez! Gazte langileok espainolismoari aurre egin!