top of page
M30

Espainiako gobernu berria osatuta, enpresari handiek eta politikari profesionalek estatu mailako paktu berria gorpuztu dute beraien interes partikularrak defendatzeko. Beraien burua progresistatzat duten alderdiek egindako paktuak, eta hortik eratorriko diren politikek, enpresa-sektore desberdinen nahiz ertain klase nazionalistaren interesak elikatuko dituzte. Horrela, ondo itxi dute datozen urteetan sustatuko duten politika: oro har proletalgoaren eta, zehazki, gazte langileon aurkakoa. Beraz, gazte langileok enpresarien eta politikari profesionalen paktutik kanpo gaude, askatasun politikorik gabe. Horrek guztiak zuzenean eragiten du gazte langileon problematikan, besteak beste: emantzipazio ezintasunean, soldatapeko lan eredu prekarioetan edota gazte langileon kriminalizazioan.

 

Era berean, honakoa da alderdi profesional horiek betetzen duten funtzioa: zailtasun ekonomikoak eta autoritarismoa handitzen ari diren garaiotan, langileria estatu kapitalistara lotuta mantentzea. Horregatik, alderdi guztiek, ezkerretik eskuinera, gure bozkak erostera bideratutako diskurtsoak eta politikak egiten dituzte, gure bizi baldintzak eta eskubide politikoak hobetzeko inolako gaitasun errealik ez dutenak. Horregatik, alderdi politiko profesionalen gazte programa guztiek oinarrian bat egiten dute: batetik, ez dira merkatu kapitalistak zehazten duen markotik ateratzen, eta bestetik, egiten dituzten promesak gazte langileon bozka lortzeko gakoan ulertu behar dira.

 

Horren haritik, nahiz eta etxebizitzaren arazoa azken urteetan areagotu egin den langileriarentzako, badago esparru hau etekin iturri bezala erabili duenik. Izan ere, enpresari handiez gain, ertain klaseak ere bere irabazi propioei begiratu die; horren adibide da 2008tik alokairuko etxebizitzen jabe txikiek %170 gora egin izana edota modu iraunkorrean etxebizitzak alokatzen dituzten jabeek batez beste 5,1 etxe edukitzea errentan. Etxebitzen kontura negozio ikaragarria egiten duten bitartean, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da.

Bien bitartean, politikari profesionalek joera hori irauli beharrean, instituzionalizatu eta legeztatu egin dute eta ezkerreko alderdi politikoak ere joku horren parte dira. Izan ere, diskurtsiboki finantza kapital-handien aurka egiten badute ere, ez dituzte enpresari handien interesak jo puntuan jarri eta, gainera, proletalgoaren aurrean etxe-jabeen interesen defendatzaileeak dira. Horrekin guztiarekin batera, nahiz eta espekulazio basatiaren kontra hitz egiten duten, errentismoa bere horretan ez dute zalantzan jartzen. Guretzako, ordea, alokairua gazte langileok pobretzen gaituen mekanismoa da eta abolitu beharreko errealitatea. Etxebizitzarako sarbidea diruaren menpekoa eta etekin iturri den bitartean, irabazleak eta galtzaileak egongo dira eta gazte langileon emantzipazio ezintasunak bere horretan jarraituko du.

 

Horren guztiaren aurrean, gazte langileok emantzipazio eskubidearen alde borroka egin behar dugu, promesa faltsuen politiketatik haratago. Gainera, bozken logikatik eta onura korporatiboetatik urrunduz, doako etxebizitza unibertsalaren aldeko borroka elikatu behar dugu. Norabide horretan ekarpena egiteko asmoz, martxoaren 30ean Gasteizen mobilizatuko gara, gazte langileon emantzipatzeko eskubidearen alde borroka egiteko eta dei egiten diogu gazteriari bertan parte hartzera. Etxebizitzaren auziaren gaindipena ez delako alderdi profesionalen eskutik etorriko, langileriaren indar propiotik baizik eta bide horretan ekarpena egiteko konpromisoa adierazi nahi dugu. Soilik langileon kontrolpeko Estatu Sozialistaren bidetik utziko dio etxebizitzaren auziak gutxi batzuen negozio izateari, doako etxebizitza unibertsal izatera igarotzeko.

 

Gazte langileok emantzipatzeko eskubidea borrokatu!

bottom of page