top of page

Martxoak 8: Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki

2023 mar. 8

Gaurko egunean, emakume langileon zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoa berresten dugu eta auzi honen aurrean borrokatzeko beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. Martxoaren zortzia festa egun bihurtu nahi dutenen aurka, emakume langileon klase kontzientzia politikoa piztu eta hedatzeko eguna da gaurkoa.

Gaurko egunean, emakume langileon zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoa berresten dugu eta auzi honen aurrean borrokatzeko beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. Martxoaren zortzia festa egun bihurtu nahi dutenen aurka, emakume langileon klase kontzientzia politikoa piztu eta hedatzeko eguna da gaurkoa. Izan ere, egunerokoan zapalkuntza egoera etengabera kondenatzen gaituen sistema kapitalistari aurre egin behar diogu, bai eta egoera horretatik probesten diren enpresariei, instituzioei eta norbanakoei ere. Eta horretarako estrategia integral eta eraginkor baten beharra daukagu, zeinaren asmoa zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista baten norabidean lan egitea izango den. Hori horrela, gaurko eguna ez da lelo despolitikoen, populisten eta interklasisten baitan kalera ateratzeko eguna; sozialismoaren norabidean emakume langileon borrokarako grina hedatzeko eguna baizik.


Gizarte burgesaren krisialdi testuinguru honetan, zeinetan bankari eta enpresari handiak erasoaldia (politikoa, ekonomikoa, belikoa...) burutzen ari diren, emakume langileon egoera ere erabat okertzen ari da. Kontua ez da soilik kapitalismoaren baitan ezin dela emakume langileon askapen errealik eskuratu, baizik eta burgesia gero eta baldintza okerragoak ezartzen ari zaigula, emakume langileon zapalkuntza areagotzea dakartenak: sozialki debaluatutako lan prekarioak, miseriazko soldatak, sexu-esplotazioa, indarkeria matxista eta emakumeen aurkako biolentzia sinbolikoa (emakumeak kontsumorako objektu sexual bihurtzea adibidez) eta abar luze bat. Burgesiaren zibilizazio eredua dekadentzian dago eta masa zabalen bizi baldintzak gainbeheran daude, baita emakume langileonak ere.


Horren guztiaren atzean badago probesten denik: erreprodukzioaren industriako enpresariak, sexuaren industriako mafiak, zaintza eta garbiketa sektoreko enpresak, botere kuotak handitu nahi dituzten emakume burgesak, senar edota bestelako figura autoritarioak... Horri guztiari modu integralean eta estrategikoan aurre egiteko programa politikoa eta erreminta eraginkorrak garatu behar ditugu.


Baina hori ez da etorriko instituzioen bidetik. Instituzioetako politika feministak ez dira gai emakume langileon zapalkuntza amaitzeko, azkenengo urteek frogatu duten moduan. Are gehiago, ilusio faltsu bat elikatu dute azken urte hauetan. Baina emakumeen borroken instituzionalizazioak ez du ahalduntze politikorik ekarri, ahultze politikoa eta desmotibazioa baizik.


Horregatik, emakume langileok aktibo politiko iraultzaile bihurtzea lehen mailako auzia da, eta horretarako baldintza ideologiko eta organizatiboak garatzeak berebiziko garrantzia dauka. Politikagintza instituzionalak eta enpresariek darabilten berdintasunaren bandera faltsuaren aurrean, independentzia politikoan oinarritutako indar bat eraiki behar dugu, izera sozialista-iraultzailea izango duena, eta emakume langileon interesak zuzenean defendatuko dituena. Gainera, emakume langileon zapalkuntza burgesiaren dominazioaren parte den heinean, dominazio horri bere osotasunean aurre egingo dion botere sozialista eraiki behar dugu -kontuan edukita burgesiaren boterea maila internazioalean egituratuta dagoela eta gero eta izaera autoritarioagoa hartzen ari dela-. Horregatik, emakume langileon askapenerako sozialismoa eraiki behar dugu; hau da, langileon kontrolpeko estatu sozialista eraiki behar dugu, eta gaurdanik emakume langileon borrokarako erremintak eta militantziarako baldintzak defendatu eta hedatu behar ditugu.

bottom of page